2017/10/15

Errebonbilo kalerako proposamenak aurkeztuko dizkie Elorrioko udalak herritarrei

Urriaren 18an, arratsaldeko sei eta erdietan, proiektua erredaktatzeko ardura daukan taldeak bi proposamen ezberdin helaraziko dizkie elorriarrei, aurreko fasean egindako ekarpenetatik abiatuta.

-


Herrigunean gune estrategikoa den Errebonbilo kalearen berrantolaketarako prozesu partehartzailea martxan jarri zuen Elorrioko udalak joan den udaberrian. Hurrengo asteazkenean, ordea, prozesu horren bigarren fasea hasiko da. Izan ere, urriaren 18an, arratsaldeko sei eta erdietan, proiektua erredaktatzeko ardura daukan taldeak bi proposamen ezberdin helaraziko dizkie elorriarrei, aurreko fasean egindako ekarpenetatik abiatuta.

Udaletxean egingo den tailer publiko horretan, proposamen bakoitza azaldu eta horien kostua ezagutu ahalko dute herritarrek, beraien iritzia azaldu eta eta proposamenak baloratzeko tartea utziz.

“Lehen fasearen balorazio positiboa egiten dugu udal gobernutik. Herritarrek ekarpenak egiteko tartea izan dute, eta bertan proposamen oso interesgarriak egin dituzte, bai etxeetara bidali genizkien galdetegiak erantzunez eta baita egin genuen tailerraren bitartez. Herriko beste leku batzuetan egiten ari garen bezala, Elorrio irisgarri bat landu nahi dugu, oinezkoak lehentasuna izango duena. Hala ere, horretarako gauzak ondo pentsatu eta egin behar ditugu”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Urte bukaera aurretik, berriz, proiektu teknikoaren behin-betiko proposamena aurkeztuko da herritarren aurrean. Modu horretan, prozesuan parte hartu dutenei beraien esfortzua itzuliko zaie, egindako lana aitortuz, eta egindako ekarpenak proiektuan txertatu diren edo ez azalduz eta arrazoituz.

Atzera